lunes, 7 de febrero de 2011

Elebidun hartzailetaz

IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera,  2006.urtean elebidun hartzaileen kopurua %14,4koa zen; hau da, bikoiztu egin da azken hamabost urteetan. Ez da kopuru apala eta oso aintzat hartu beharko lukete euskararen normalizazioari begira lanean ari diren hedabideek. Haientzat xede-talde potentzial ona izan daiteke; eta ez bakarrik hori, haiei begira ere egin beharko lukete lan, ahal den heinean, beren hizkuntza-gaitasuna garatzen laguntzeko.

Elebidun hartzaileak euskara ulertzeko gai dira, baina ez dira ongi moldatzen euskaraz hitz egiteko edota idazteko orduan. Eremu erdaldunetan biltzen dira gehienak, ikasketa guztiak edo gehienak erdaraz egin dituzte eta gazteak dira orohar. Horra adibidea: Nafarroako eremu ez euskaldunean, populazio osoaren %3,2 dira elebidun hartzaile. Baina 16 eta 24 urteko adin-tartean,  %19,7.

Alor honetan egindako azterketa-lanek diotenez, euskarazko hedabiden balizko arrakasta ikus-entzunezko eta entretenimenduko produktuen eskaintzaren eta kalitatearen araberakoa izango da. Horiexek dira, hain zuzen, gazte populazioak gehien kontsumitzen dituenak. Horrek esan nahi du bide horretatik abiatu beharko litzatekeela euskaldun hartzaileak erakartzeko estrategiak.

Alabaina, adibide baterako umore-saioetara jotzen badugu, ikusiko dugu azken urteetan nagusituz joan den umore ereduak –Wazemank-en eredua, kasu-  eman dezaketena baino gehiago eskatzen diela euskaldun hartzaileei.

Gazteoi zuzendutako eduki arin eta hizkuntza aldetik errazak sortu behar dira, ikusentzunezko teknikak baliatuz eta interneten proiektatuz. Elebidun hartzaileen sektorea ezinbestean kontuan hartu beharreko sektorea da, existitzen den bitartean. Azkeneko helburua, ordea, sektore horren deuseztapena beharko luke, gainerako elebidun osoen multzoan integratzeko. Horretarako, normalizazioak aginduta, elebidun hartzaile horiek euskaraz eroso bizi daitezen tresnak sortu beharra dago. Eta tresnok, hedabideen kasuan, aipatu irizpidetan oinarritu beharra daude.

No hay comentarios:

Publicar un comentario