miércoles, 23 de febrero de 2011

Kontseiluak "nahaspila" gisa definitu du udal hizkuntza politiken egoera


Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak udal hizkuntza-politiken azterketa garatu du bigarren aldiz. 2006.urtean egin zuen lehendabizikoz azterketa Kontseiluak, 66 udaletako politikak analizatuz, eta aurten berriz ere egin nahi izan du. Era horretan, datuak aztertu eta duela lau urtekoekin alderatuz, egungo udaletako hizkuntza-politikoen egoera "fidelen definitzen duen hitza nahaspila" dela adierazi du. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean aurkeztu du txostena Kontseiluak, eta bere webgunean eskegi du edonork kontsulta dezan.

Euskara ikusezin, entzunezin eta hitz egin ezina

Euskara ETBn ikusezin bihurtu dela salatu zuen herritar talde batek duela hilabete baino gutxiago. Horri aurre egiteko atxikimendu kanpaina bat ere jarri zuten abian, ETBk euskaldunon eskubideak errespeta ditzan. Gaur, euskara entzunezin ere bihurtu dela esan dezakegu, Berria egunkariaren edizio digitalean argitaratutako albisteari erreparatzen badiogu. 
Izan ere, EAEn izanen den irrati lizentzia banaketa berrian euskaraz jarduteak portzentaje berezirik emanen ez duela jakin izan dugu. Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzako ikus-entzunezko dekretu berriak, 2008. urtean PPk egindako proposamen bati men eginez. Horrela, euskara meritu gisa hartuko da kontuan, baina ez du bete behar izanen irrati bakoitzaren programazioan ehuneko zehatz bat lizentzia eskuratu ahal izateko. 
Beraz, euskaraz geroz eta gutxiago entzuteaz gain, irrati esatariek euskaraz aritzeko eskakizuna ere murriztu du Eusko Jaurlaritzak. Ez al da hori orduan euskara ikusezin eta entzunezin izateaz gain, hitz egin ezina ere egitea?



miércoles, 16 de febrero de 2011

Pozik agertu da Kontseilua Nafarroako aurrematrikulazio datuen aurrean

Berria egunkariak atzo argitaratu zuen moduan, 2011-2012 ikasturterako aurrematrikulazio datuetan %10 hazi da D eredua Nafarroan. Era honetan, Nafarroan eskolatuko diren ume guztien %30 inguruak egingo du hezkuntza eredu honetan. Honen harira, balorazio positiboa egin du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, ZuZeuk argitaratu duenez. Kontseiluak Nafarroan euskalgintzan diharduten eragile eta norbanako ezberdinen lan gogorrari egotzi dio izandako emaitzen erantzunkizuna, eta 2010ko maiatzean izandako manifestazio erraldoiarekin - irudian - hasitako dinamikak bere fruituak eman dituela nabarmendu du.

Euskarazko hedabideek babes ekonomikoa eskatu diete instituzio publikoei

Euskaraz diharduten eta publikoak ez diren 80 hedabideek baino gehiagok sostengu ekonomikoa exigitu diete Euskal Herriko erakunde publikoei. Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean izandako prentsaurrekoan, Topaguneko lehendakari Jasone Mendizabalek hartu du hitza, denen izenean. Adierazi duenez, krisi ekonomikoak eta komunikazioak bizi duen aldaketak euskarazko hedabideak "gogor astindu" dituzten honetan, erakunde publikoek lagundu beharrean laguntza ekonomikoak murriztu dira. Horregatik sostengu ekonomikoa emateko eskatu diote administrazio publikoari. Besteren artean, Berria, Zuzeu.com, Argia, Sustatu.com, Goiena edota Gaztezulo bezalakoak egon dira agerraldian.bEdonola ere, vizi duten egoeraren aurrean elkarlanean aritzeko lehen urratsa aurreko otsailaren 1ean eman zuten, editorial bateratua publikatuz.

Gazteak eta proiektu propioak

Egungo krisi ekonomikoaren ondorioz, langabeziak gogor jo du gazteria. Edonola ere, badira tresnak euren kabuz bilatu eta arazoari proiektu propioak sortuz aurre egitea erabaki duten gazteak Gure taldeak haiengana jo du masterrerako lana egiteko. Hauxe duzue emaitza.

jueves, 10 de febrero de 2011

8.zeregina: Gogoeta teorikoen analisia


 Euskarazko zibermedioetan ikusentzuezko produktuen erabilera dexente ugaritu da azkeneko urteetan, informazioen egitura hipertestualetan txoko propioa berenganatuz. Kokapen hau, edonola ere, bi espazio jakinetara mugatzen da, albistearen titularrarekin batera agertzetik –ETB eta Berriako kasuak- bideo galeria batean pilatuta agertzera –Argia-. Era horretan, Micónek eta Masipek 2008. urtean espainiar zibermedioak aztertzean zehaztutako beste bi kokapen nagusiak – albistean klik eginda azaltzearena eta albistetik kanpoko kokapenarena – ia erabat desagertzen dia euskal zibermedioen kasuan.

Ikusentzunezko produktuek euskal zibermedioetan betetzen duten funtzioa, gainera, dexente urrundu da aipatu ikerketan espainiar zibermedioen bideoei egozten zitzaien funtzioetatik, batik bat 2008an egindako ikerketa delako azken hau, eta ordutik hona ziberkomunikabideak ikusentzunezko produktuek ematen dituzten aukeretaz ohartu direlako. Zentzu horretan,  bideoak informaziozko testu idatziaren osagarri hutsa izatetik edota albiste idatzian esaten den berdina kontatzetik autonomia propioa izatera pasa dira, Berria eta batez ere Argiaren kasuan. Lehenbizikoak hainbat informazio bideo hutsean eskaintzen ditu –elkarrizketak, kasu – eta beste batzutan, informazio idatzian agertzen ez diren albiste bereko beste alderdi batzuk lantzeko erabiltzen ditu bideoak. Argiaren bideoak guztiz independienteak dira, zibermediorako zehazki garatuak, eta batzutan paperezko astekarian landutako gaien ikusentzunezko luzapenak izan ohi dira. Eitb.com-en kasua berezia da, telebista baten webgunea izanda albistegieetan paratutako bideo berdinak jasotzen dituelako batik bat.

Micón eta Masipen ikerketan azaltzen zenaren kontra – zibermedio espainiarrek agentzien bideoak eskaintzen zituzten – aztertutako euskal ziberkomunikabideek ikusentzunezko produkzio propioa erabiltzen dute, eta erreportaje hainbat espreski ikusentzunezkotan lantzeko hautua hartu dute, horretarako kazetari multimediaren profila berenganatuz.

Era honetan esan dezakegu 2008.urtean ikerlariek espainiar medioen kasuan aipatzen zituzten hutsune nagusiak – bideoa landu gabe agentziek bidali bezala argitaratzea, idatziaren errepikapen hutsa izatea eta multimedia kazetariaren figuraren gabezia – euskal zibermedioek bete dituztela. Baliabide ekonomiko eta pertsonal beharrezkoen gabezia – Argia eta Berriaren kasuan batik bat- izan daiteke ongi hartutako bidea garatzeko oztopo bakarra.


7.zeregina: Erreportaje multimedien analisia


Aztertutako hiru erreportajeen erkaketa eginez, esan dezakegu Argia zibermedioko erreportajeak direla hipertestualitatea, multimediatasuna eta elkarreragina fenomenoei dagokionez produktu osatuenak. Aipatu beharra dago, lehenik eta behin, zuzenean interneten paratzeko pentsatutako erreportajeak direla, ez beste medio batzuetatik zuzenean erreproduzituak. Hori dela eta, aurretik aipatutako fenomenoen integrazioa hasieratik pentsatuta eta diseinatuta dago. Zentzu horretan, zentralitate eta nagusitasuna daukan bideoarekin batera, lotura askoko testuak topa ditzazkegu, horietako asko medio beraren beste hainbat erreportaje multimedietara – argazki erreportajeak, diaporamak, dokumentalak..- Era berean, multimedia produktu horiei iruzkinak egiteko et asare sozialen bitartez partekatzeko aukera ematen du Argiak.
ZuZeuren kasuan aipatu beharra dago ezin dela eredu jakin batetaz hitz egin, albistari horizontala den heinean norberak argitaratzen duen arabera aldatuko direlako erreportajeen izaerak aurreko fenomenoei dagokienez. Edonola ere, orokorrean eduki testualak dira nagusi, beti ere argazki batekin aurkeztuta – zibermedioak berak zehazten duen baldintza – baina gutxitan bestelako media integratuz, bideoak kasu. Edonola ere, hipertestualitatearen erabilera oso zabaldua da artikulu batzuk beste batzuekin lotze aldera, esteka interesgarriak eskaini aldera edota informazioak osagarritu aldera. Era berean, interaktibitatea komunikazio proiektu honen indargune nagusienetakoa da, iruzkinak egiteko aukera emanez erabiltzaileen arteko eztabaidak eta harremanak ugaldu egin baitira.
Hirugarrenik, Eitb.com-en aurkitu ditzazkegun erreportajeak telebistan emititutakoen erreprodukzio hutsak izan ohi dira. Bideo hauek testu labur batekin aurkeztuak izaten dira, baina ez dute beste inolako mediorik – argazkirik, infografiarik, testu luzeagorik – integratzen. Era independentean aurkezten dira bakarrik, beste ezerekiko loturarik gabe, eta beraz, hipertestuaren erabilera ia hutsa da. Edonola ere, interaktibitateari dagokionez, iruzkinak egin eta sare sozialetan partekatzeko aukera ematen du Eitb-k.
Orokorrean, zibermedioetako erreportajeak garatzerako orduan ikuspegi integratuaren falta da nire ustez egungo hutsune nagusia. Gaur egun ez da baliabide tekniko gehiegi behar, eta ahalegin gutxirekin lor daiteke erreportaje bat beste medioekin osatzea, hipertestuaren bitartez beste informazioekin osatzea eta elkarreraginerako mekanismoak eskaintzea. Horrek guztiak daukan kontzientziaren garantziaz ohartzea eta eguneroko lan funtzionamenduan praktika horiek barneratzea da euskal zibermedioek eman beharreko pausu nagusia.

miércoles, 9 de febrero de 2011

ZuZeu webgunearen azterketa

Multimedia Komunikaziorako Estrategia Linguistikoak irakasgairako ZuZeu komunikazio proiektuaren azterketa burutu dut. Hona hemen emaitza.

2.zeregina: Zibertestu baterako erabaki linguistiko-diskurtsiboak


Ahozko zibertestu baten planifikazioan eta sorreran hartu beharreko urrats linguistiko-diskurtsibo ezberdinek zibertestu horren osaketarako, garapenerako eta zabalpenerako prozesua bera konfiguratzen duten elementuak dira, eta beraz, ezin ditugu erabaki bakan gisa ulertu, amaierako helburu bati begira kateatzen diren erabaki sekuentzialak bezala baizik.

Zentzu horretan, zibertestuaren bitartez landu nahi dugun gaia eta horri egozten diogun helburua izan behar dira markatu beharreko lehenbiziko irizpideak, eta hortik eratorriko dira aurreneko erabaki linguistiko-diskurtsiboak. Era horretan, lantzen dugun gaiak hartzailearentzat zailtasun linguistikorik – hitz teknikoak, diskurtso konplexuak...- planteatzen duen aztertu beharko dugu, beste hainbat elementurekin batera. Era berean, eta zibertestuari egozten diogun helburuari jarraiki, xede hori betetzeko multimediatasunak eskaintzen dizkigun bitartekoak kontuan hartu behar izanen ditugu, euskarri bat edo bestea –edo horien konbinazioa- erabiltzetik eratorriko baitira bestelako erabaki linguistiko-diskurtsiboak, geroxeago ikusiko dugun moduan.

Hasierako fase honekin batera, eta gaia eta helburuari erantzunez, ezinbestekoa zaigu hartzailearen soslai soziolinguistikoa baloratzea.  Gure produkturako zehaztutako hartzailearen euskara eta kultura mailak, adina, eremu geografikoa eta gaiarekiko jarrera, besteak beste, funtsezko aldagaiak izanen dira testuaren diskurtsoa garatzeko prozesuan.

Hurreno pausu gehienak – produktuaren eskemaren egituratzea, dokumentazioa eta bildutako materialaren eta eskemaren ekarketa – aurretik finkatutako irizpide linguistiko-diskurtsibo horiei guztiei erantzun beharko diete. Produktua bera osatu edota editatzerako orduan, hipertestualitatea , multimediatasuna eta interaktibitatea bezalako fenomenoak kontuan hartu behar izanen ditugu. Era horretan, zehaztutako hartzailearen profil soziolinguistikoak aipatu fenomenok aplikatzeko aukeren berri emanen ditugu, eta baita ere aplikatzerako orduan erabili beharreko  tresna edota mekanismo berezien berri. Beste era batean esanda, profil soziolinguistiko horretatik ateratako ondorioek markatuko digute zibertestu osatua garatzeko bidea.

Azkenik, bereziki kontuan hartu beharreko irizpidea gure zibertestuaren zabalpenarena izanen da. Gure hartzaile potentzialaren profil soziolinguistikoa dutenek gehien bisitatzen dituzten webguneen azterketa, sare sozialetan erabili beharreko hizkuntza erregistroa edota gure testua bilatzaileetan aurkitzeko erabili beharreko hitz gakoak azkeneko produktuaren zabalpen arrakastatsu baterako kontuan hartu beharreko elementu ezinbestekoak izanen dira. 

lunes, 7 de febrero de 2011

Elebidun hartzailetaz

IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera,  2006.urtean elebidun hartzaileen kopurua %14,4koa zen; hau da, bikoiztu egin da azken hamabost urteetan. Ez da kopuru apala eta oso aintzat hartu beharko lukete euskararen normalizazioari begira lanean ari diren hedabideek. Haientzat xede-talde potentzial ona izan daiteke; eta ez bakarrik hori, haiei begira ere egin beharko lukete lan, ahal den heinean, beren hizkuntza-gaitasuna garatzen laguntzeko.

Elebidun hartzaileak euskara ulertzeko gai dira, baina ez dira ongi moldatzen euskaraz hitz egiteko edota idazteko orduan. Eremu erdaldunetan biltzen dira gehienak, ikasketa guztiak edo gehienak erdaraz egin dituzte eta gazteak dira orohar. Horra adibidea: Nafarroako eremu ez euskaldunean, populazio osoaren %3,2 dira elebidun hartzaile. Baina 16 eta 24 urteko adin-tartean,  %19,7.

Alor honetan egindako azterketa-lanek diotenez, euskarazko hedabiden balizko arrakasta ikus-entzunezko eta entretenimenduko produktuen eskaintzaren eta kalitatearen araberakoa izango da. Horiexek dira, hain zuzen, gazte populazioak gehien kontsumitzen dituenak. Horrek esan nahi du bide horretatik abiatu beharko litzatekeela euskaldun hartzaileak erakartzeko estrategiak.

Alabaina, adibide baterako umore-saioetara jotzen badugu, ikusiko dugu azken urteetan nagusituz joan den umore ereduak –Wazemank-en eredua, kasu-  eman dezaketena baino gehiago eskatzen diela euskaldun hartzaileei.

Gazteoi zuzendutako eduki arin eta hizkuntza aldetik errazak sortu behar dira, ikusentzunezko teknikak baliatuz eta interneten proiektatuz. Elebidun hartzaileen sektorea ezinbestean kontuan hartu beharreko sektorea da, existitzen den bitartean. Azkeneko helburua, ordea, sektore horren deuseztapena beharko luke, gainerako elebidun osoen multzoan integratzeko. Horretarako, normalizazioak aginduta, elebidun hartzaile horiek euskaraz eroso bizi daitezen tresnak sortu beharra dago. Eta tresnok, hedabideen kasuan, aipatu irizpidetan oinarritu beharra daude.

viernes, 28 de enero de 2011

Euskarak eta indarkeriak bat egin dute Patxi Lopez lehendakariaren adierazpenetan

Hautsak harrotu dituzte Patxi Lopez lehendakariak iragan astelehenean, Euskararen Aholku Batzorde berrituaren aurkezpenean egindako adierazpenek: "Indarkeriaren bukaeran euskarak bat egingo du behin betiko askatasunarekin". Ez da lehenbiziko aldia lehendakariak gisa horretako adierazpenak egiten dituela, Berria egunkariak gogorarazi digunez.

Kritikak, noski, alde askotatik etorri dira.  Gasteizen EAko legebiltzarkide den Juanjo Agirrezabalagak Lopezek "izen ona galtzen ari duela" kritikatu eta ondorengoa gehitu zuen: "Lehenago Juaristi izendatu zuten eta orain euskaldun guztiok lotu gaituzte indarkeriarekin, ez dago irain handiagorik egiterik"

EAJko lehendakari Iñigo Urkulluk ere "astakeri" gisa definitu zituen Lopezen adierazpenak eta ezker abertzaleak, bere webgunean argitaratutako ohar baten bitartez, EAEko lehendakariaren "burutaziorek mugarik ez dutela" salatu zuten.

lunes, 17 de enero de 2011

Irudimena eta ikusgarritasuna komunikazioan

Bestelako Komunikazioa irakasgaian eskatu bezala, komunikazioa garatzeko era irudimentsu eta ikusgarrian egindako ekintza bat aurkeztera nator hona. Demokrazia Euskal Herriarentzat edota Demoak bezala ezaguna izan zen Ipar Euskal Herriko mugimenduak 2000.urtean egindako ekintza da hain zuzen ere, zuen aurrera nakarrena.

domingo, 2 de enero de 2011

Agin Rezolak irabazi zuen Xenpelar Sariketako txapela

Abenduaren 8an jokatu zen Xenpelar sariketako finala Errenterian, Xenpelar Bertso Eskolak eta Ereintza kultur elkarteak antolatuta. 20. edizioan sei bertsolari aritu ziren finalean, kanporaketak pasa eta gero: Alaia Martin, Agin Rezola, Haritz Casabal, Julio Soto, Aitzol Barandiaran eta Odei Barroso. Barandiaran eta Rezola aritu ziren buruz burukoan eta azkeneko honek lortu zuen azkenean txapela. Angel Mari Peñagarikanok - sariketaren lehenbiziko edizioan txapeldun izandakoak- jantzi zion txapela astigarragarrari. 
Ikusi bideoa

Elkartasuna eta bertsolaritza uztartuko ditu beste behin Oiartzungo saioak


Etxerat-ek antolatuta, euskal preso politikoei elkartasuna erakusteko bertso saioa izanen da Oiartzunen datorren igandean, urtarrilak 9an. Dagoeneko erreferentzia lortu du urtarril hasieran urtero Oiartzuenen egiten den saio honek. Aurtengoan Egin poto elkartasunean leloa izango du saioak eta zortzi bertsolari bilduko ditu, hauexek: Jon Maia, Xabier Silveira, Julio Soto, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Igor Elortza.