viernes, 31 de diciembre de 2010

Urteari amaiera emateko, bertso saioa

Urteko azken bertso saioa ospatu zuen atzo, hilak 30, Durangoko Plateruena Antzokian, urteroko tradizioarekin bat eginez. Berbaro elkarteak antolatuta, lau izan ziren oholtza gainean izandako bertsolariak: Maialen Lujanbio, Jon Maia, Eneko Abasolo Abarkas eta Amets Arzallus. Unai Iturriaga gai jartzaile paperean ibili zen eta, urtero legez, ez zen falta izan agurtzear gauden urtearen errepasoa, beti bezala, umorea erabiliz. Itxura ederra erakutsi zuen Durangoko Kafe Antzokiak, urteko azken bertso saioaz gozatzeko.
Ikusi aurtengo bideoa

Iazko bertso saioa:

lunes, 20 de diciembre de 2010

Europak bizi duen hotzaldiak eragina izan du Euskal Herriko hegaldietan

Europa erdiak azken egunetan bizi duen hotzaldi bortitzak eragina zuzena izan du Euskal Herriko  aireportu nagusian, Loiun. Hamar hegalaldi ezeztatu dituzte bertan, Frankfurt, Parisetik eta Londresetik zetozenak hain zuzen ere. Azken honetan bizi da egoerarik okerrena. Heartrow,  hiriko aireportu nagusia eta Europan trafiko gehien jasotzen duena itxita dago atzotik, eta oso gutxi dira bertatik irtetzen diren hegazkinak. 

Antzeko egoera bizi da Alemaniako Frankfurten. Holandan, Bruselan edota Frantzian, arinago baina okerra da ere egoera, eta hainbat hegalaldi bertan behera utzi behar izan dituzte. Europako kaosak eragina du noski Madridko Barajas eta Bartzelonako Prat aireportutan, atzerapen eta ezeztapenekin. 

Iruñean, Gasteiz eta Donostiako aireportuetan, ordea, ez da arazorik egon eta oraingoz, normaltasuna da nagusi. 

miércoles, 15 de diciembre de 2010

Iñaki Aleman bertsolari gazteak irabazi zuen Mariano Izeta bertso sariketa

 Iñaki Aleman bertsolari iruritarrak irabazi zuen iragan asteazkenean, hilak 8, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Mariano Izeta bertso sariketa. Bi urtetan behin egiten den sariketa honen helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazteak bultzatzea eta ezagutzera eramatea da. Aurtengo edizioan 13 bertsolari gaztek hartu zuten parte eta denen artean irabazle suertatu zen Aleman. Horren ostean, Saioa Alkaiza antsoaindarra eta Josu Sanjurjo lesakarra izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 

lunes, 13 de diciembre de 2010

Payadoreak, repentistak eta bertsolariak plazaz plaza

Inprobisazioak munduan itxura ezberdinak hartzen dituela erakusteko, Alex Diaz Pimienta repentista kubatarra Aguiar anaien musikaz lagunduta eta Mariela Acevedo eta Gabriel Luceno payadore uruguaitarrak alde batetik bestera ibili dira Euskal Herrian zehar, beti bi bertsolarik lagunduta. 

Iruñeko kasuan, Julio Soto eta Amets Arzallus izan zituzten lagun oholtza gainean, hiriko Gurutze Plazako institutuko aretoan burututako saio umoretsuan. Hona bideoa: 



Amets Arzallus txapeldun Zarauzko Kopla Txapelketan

Amets Arzallusek eraman zuen atzo Zarautzko IV.Kopla Txapelketako zintzarria, iazko txapeldunari, Julio Soto gorritiarrari buruz burukoan irabazita. Lepo bete zen Zarauzko Putzuzulo gaztetxea eta aurreko edizioetan bezala, jende ugari geratu zen ezin sartu. 

Giro ederrean ospatu zen txapelketa, eta maila onean erantzun zituzten hamar bertsolariek koplan kantatzeko jarritako gai umoretsuak. Hamar horietatik sei sailkatu zituen publikoak hasiera batean, Jone Uria, Miren Amuriza, Sebastian Lizaso, Amets Arzallus, Julio Soto eta Miren Artetxe, hain zuzen. Geroxeago, Amets Arzallus eta Julio Soto pasa ziren buruz burukora, berriro ere, publikoak hala aukeratuta. Hendaiarra izan zen nagusi azken txanpan, eta txapelketako sari den zintzarria eraman zuen berarekin. 


Azken agurren bideoa (bertsoa.com)

Iazko txapelketako une bat:

domingo, 12 de diciembre de 2010

Dena prest Bizkaiko Txapelketako finalerako

Datorren larunbatean, hilak 18, izango da 2010ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako final handia. Oholtza gainean, aurreko saioak gaindituta sailkatutako zortzi bertsolariak: Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Etxaun Lekue, Arkaitz Estiballes, Peio Ormazabal, Ione Uria, Beñat Ugartetxea eta Eneko Abasolo Abarkas. Parean, plaza erraldoia, Barakaldoko BEC aretoa. Dagoeneko sarrerak salgai daude, eta ziur asko, itxura ederra erakutsiko du areto barakaldarrak, aurtengo txapelketa zeinek jantzi ikusteko.