miércoles, 20 de octubre de 2010

Blogen analisia

Nire analisia egiteko elcorreo.com ziberkomunikabideko bost blog ezberdin erabili ditut. Lehenbiziko laurak Antonio Montilla, Fernando Pescador, Enrique Muller eta Fernando Iturribarria hedabideko munduko leku ezberdinetako korrespontsalenak dira. Bostgarrena, ordea, Tokion bizi den euskal herritar irakurle batena da, Oscar Diazena, "diaspora" izeneko blog kategorian integratuta. Edonola ere, elcorreo.com ziberkomunikabidearen blog bat erabilita, diseinu eta formatu aldetik oso antzekoak dira blog hau eta korrespontsalenak.

Edonola ere, edukien lanketan nabarmentzen da batez ere azken blog hau eta beste lauren arteko aldea. Korrespontsalen blogek aktualitezko gaiak lantzen dituzten bitartean - nahiz eta ironiaz eta askotan umorez landu - Oskar Diazen guneak bere bizitza pertsonalean egiten dituen ekintzei ematen dio tartea. Alde hori umorearen bitartez ere handitzen da, Oskar Diazek hizkuntza herritarragoa erabiltzen du, bere blogaren aurkezpenan ikus daiteken moduan. Aipatu beharra dago, gainera, bera eta Antonio Monilla direla blogaren aurkezpena egiten duten bakarrak.

Bestetik, nabarmentzeko da bost blogetan ematen den multimediaren erabilera eskasa. Argazkiak bai, denek erabiltzen dute baten bat- gutxi hala ere -, baina hortik haratago ezer ez. Fernando Iturribarriak sartzen du bideoren bat edo beste, baina besteetan ez dago holakorik, ez eta inolako loturarik ere, edukia bera aberastu zezaketenak.

Edonola ere, denek daukate postak saretzeko aukera - finean, plantilla bera erabiltzen dutelako -, eta komentarioak ere jasotzen dituzten, hamar bat batez bestez. Euren arteko lotura edo blogrolla ere badago, blog batetik ziberkomunikabide berako beste blogetara pasatzeko aukera ematen duena.

jueves, 14 de octubre de 2010

Milaka pertsona izan ziren Independentistak sareak Iruñean deitutako martxa berdean



Independentistak sarearen deialdiarekin bat eginez, milaka pertsona batu ziren asteartean, urriak 12, Iruñean izandako mobilizazioan. Euren artean, besteak beste, ezker abertzaleko, EAko, LABeko edota Sortzen Ikasbatuazeko kideak izan ziren. Hispanitate egunaren ospakizunari aurre eginez eta jai egun honen "izaera inperialista" salatuz, herrien independentzia ospatzeko eguntzat hartu zuten asteartekoa Iruñean bildutako lagunek. Era horretan, duela 200 urte Espainiatik independizatutako herri latinoamerikarrak presente izan zituzten mobilizazio osoan zehar eta asko izan ziren martxan, bandera eta guzti, parte hartu zuten latinoamerikar herritarrak.

Manifestazioaren ibilbidea amaituta Baluarte plazan izandako ekitaldian, Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kideak herri latinoamerikarrak euren independentziagatik zoriondu eta martxan parte hartzeagatik eskerrak eman ostean, Euskal Herrirako aukera egokiena bezala defendatu zuen ere independentzia, txalo artean. Bestalde, 1805ean Roman Simon Bolivar askatzaileak egindako juramentua eta horren euskal bertsioa irakurri zuten sareko beste bi kidek. Mobilizazioari dantza latinoamerikarren erakustaldiarekin eman zitzaion amaiera. 




jueves, 7 de octubre de 2010

Aurrera darrai Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nabarreko Bertsulari Xapelketak

Irailaren 18an Muskildin (Xiberoa) hasitako Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nabarreko Bertsulari Xapelketak aurrera darrai. Hogei bertsolarik hartu dute parte azaroaren 13an Donibane Lohitzunen amaiera izango duen txapelketaren edizio honetan. Orain arte jokatutako hiru kanporaketetan, Odei Barroso, Kristiñe Txoperena eta Eneritz Zabaleta izan dira onenak. Horiekin batera beste bederatzi bertsolarik -tartean, Amets Arzallus eta Sustrai Colina, zuzenean sailkatuak- hartuko dute parte urriaren 16an eta 23an, Luhuson eta Gabadin (Baxe Nabarre) hurrenez hurren jokatu diren finalaurrekotan, final handira sailkatzeko helburuz.


Aurtengo edizioaren spota: 


info+: Xilaba

martes, 5 de octubre de 2010

Bertsolaritzaz mintzo "geure hitzak" blogean

"Geure hitzak" bloga multimedia masterraren inguruko lan eta edukietaz hitz egiteko sortua bada ere, bertsolaritzaz luze eta zabal hitz egiteko aukera ere izango dugu, gai horri eskainitako orrialdearen bitartez.

Esan, berriz esan

Geure hitzak esan eta berriz esan ahal izateko aukera ematen digu multimediak. Jada ez da ahots urratu bat, garraxi zoro bat soilik. Denon bihotzean geratu zaigun kantu zorrotz horretatik haratago goaz. Orain, geure hitzak, neure hitzak behin eta berriro esan eta horma honetan luzaroan iltzatzeko aukera daukat. Kantuek, soinuek, irudiek, testuek ez dute ihes egiterik. Behin betiko zabaltzeko aukera eman die multimediak. Handikiei aurre egiteko tresna luzatu digu, gu ere hemen bagarela esateko, gure txokoak baliatu ditzazkegula argi izateko, gure mezuak zabaltzeko. Hau da nire tresna, nire bloga, nire lanak paratzeko erabiliko dudan horma. Finean, nire hitzak zabaltzeko erabiliko dudan kantua.