domingo, 28 de noviembre de 2010

Gazteok eta bizi ereduak

Pista anitzeko edizioa eta irrati era berrituak ikasgaian soinuak erabiliz komunikatzeko erronka jarri ziguten. Guk hausnarketa txiki eta esperimental bat egin nahi izan genuen, egungo sistemak gazteoi bizi eredu jakin bat nola inposatzen digun salatu nahian. Goizean esnatu eta irratia pizten duenetik sistemaren bonbardaketa jasaten duen gaztearen istorioa duzu hau, zure istorio izan daiteken bera, edozein gazterena. Entzun ezazu! 
Gazteok eta bizi eredua

domingo, 14 de noviembre de 2010

Amaitu da Iruñeko Bertsoaroa

Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatuta, amaierara iritsi da urteroko Bertsoaroa zikloko edizio berria. Hilabetean zehar, egitarau oparoa jaso du Iruñeko Gurutze Plazako institutuko areto nagusiak, musika emanaldi bat eta hiru bertso saio bilduz. Urriaren 21ean hasi zen Bertsoaroa, Joseba Tapiaren musika errezitaldi batekin. Hortik aurrera, ostegunero izan da bertso saio bat. Lehenbizikoan, urriaren 28an, Saioa Alkaiza, Aitzol Barandiaran, Aimar Karrika, Alaia Martin, Iñaki Aleman eta Agin Rezola bertsolari gazteak ibili ziren kantari. Bigarrenean, azaroaren 4ean, Amets Arzallus, Estitxu Arozena, Jon Maia, Aitor Mendiluze, Xabier Legarreta eta Unai Iturriaga ibili ziren bertsotan. Iragan ostegunean, beste sei bertsolarik eman zioten amaiera aurtengo edizioari, jende andana bilduz: Maialen Lujanbio, Julio Soto, Sustrai Colina, Oskar Estanga, Aitor Sarriegi eta Andoni Egaña.

Hona hemen bigarren saioko une bateko bideoa, Bertsoa.com webgunetik hartuta.

domingo, 7 de noviembre de 2010

Soinuak komunikazio tresna gisa

Pista anitzeko edizioa eta irrati era berrituak izeneko irakasgaian Audacity software askea erabiliz istorio bat sortzeko erronka hartu genuen, eta baita lortu ere. Hona hemen gure taldearen azken produktua, gazteria eta harreman sexualetarako ereduak edota matxismoa uztartzen dituena, dena, soinu hutsak erabiliz. Entzun ezazue! 




Bortxaketa by keikrass

martes, 2 de noviembre de 2010

Miren Amuriza nagusi Igorreko saioan

Miren Amuriza izan zen nagusi iragan igandean Igorren jokatutako Bizkaiko Txapelketako saioan.446.5 puntu jasota hartu zituen mendean gainerako bost bertsolariak - Eneko Abasolo, Peio Ormazabal, Joanes Igeregi, Ortzi Garitano eta Beñat Vidal - eta bertsolari berriztarra zuzenean sartu da txapelketako finalaurretan. 500dik gora ikuslek bete zuten Arratiako herriko kiroldegia, eta ez zen giro berorik falta izan.

Amurizarekin batera, Oihane Bartra, Jone Uria eta Ibon Ajuriak eskuratu dute dagoeneko finalaurrekoetarako txartela, Mungiako, Balmasedako eta Aulestiko, hurrenez hurren, kanporaketetan nagusituta. Zuzenean pasatzeko bosgarren txartela hurrengo igandean erabakiko da, Getxon izango den bosgarren eta azken kanporaketan.

Jokatzeke da Xilaba txapelketako finala

Azaroaren 13an izango da aurtengo Xilaba, Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nabarreko Bertsulari Xapelketako edizioaren finala. Donibane Lohitzuneko Jai-Alai frontoian izango da ekitaldia, 17:00tatik aurrera, eta Amets Arzallus, Sustrai Colina, Miren Artetxe, Eneritz Zabaleta, Ekhi Erremundegi, Xumai Murua, Odei Barroso eta Joanes Etxeberria bertsolariek hartuko dute parte. 

Amets Arzallus 2008ko txapelduna eta Euskal Herriko txapeldunordea da txapela janzteko faboritoa, baina ikusteke dago finalean gertatuko dena. Sarrerak salgai daude dagoeneko. 

lunes, 1 de noviembre de 2010

Zibermedioak eta interaktibitatea

Honako sarrera honetan Berria, El País eta Clarín zibermedioen artean egindako konparaketaren ondorioak paratuko ditut, beti ere analisia medio hauek ikusentzuleentzako parte hartze eta interaktibitaterako eskaintzen dituzten aukerak kontuan hartuz. 


Lehenik eta behin esan beharra dago, lehenbiziko begiradan ohartu gaitezkela El Clarin zibermedio argentinarrak garrantzia gutxiago ematen diola parte hartzeari, batik bat horretarako espreski eskainitako atal identifikagarri bat ez duelako azaltzen bere atariko orrian, beste biek egiten duten moduan. Edonola ere, aurrera ikusiko dugun moduan badira ere El Clarin-ek interaktibitaterako eskaintzen dituen beste tresna batzuk. 


Interaktibitatea era orokorrean hartuta garatzeko tresnak eskaintzerako orduan nabarmentzen den medioa zein den erabaki beharko bagenuke, ziurrenik El País litzateke hori. Izan ere, beste biek ere eskaintzen dituzten aukeretaz gain - inkestak, iruzkinak egiteko aukera, albisteak partekatzea edota RSS jarioa - txata edota komunitateak sortzeko aukera ere eskaintzen du Madrilgo zibermedioak. Aukera horiek parte hartzerako tresnak jasotzeko Eskup atalean biltzen dira, baina hori bai, horra sartzeko ezinbestekoa da erregistratzea, izen abizenak eta bestelako datuak emanez. Beraz, zalantzan jarri beharko genuke El Paisek eskaintzen duena benetako parte hartze zuzena ote den. 


Berria-ren berezitasuna hain zuzen ere horixe da, hainbat tresna eskaintzen dituela, erregistratu gabe erabili daitezken hainbat tresna. Horien artean daukagu albisteak, bideoak edota argazkiak zuzenean bidaltzeko aukera. Clarinek ez du horrelakorik uzten, eta El Paisek, aitzina esan bezala, erregistratzeko baldintza jartzen du hori egin ahal izateko. 


Clarin medio argentinarra nabarmentzen duten gauzen artean era berezian destakatzen dute aktualitatearekin lotuta publikatutako edukien gaineko lehiaketak, joku horien bitartez informazioa eta entretenimendua uztartzen baititu. Era berean, harritzekoa da zibermedio honek albisteak partekatzeko betiko Twitter, Facebook edo Meneame bezalako tresnak eskaintzeaz gain beste 280 bat bide ere ematen dituela. 


Bukatzeko, eta ondorio moduan, esango nuke aztertutako hiru ziberkomunikabidek dauzkatela gabeziak eta puntu indartsuak interaktibitateari dagokionez. Parte hartzerako aukera integrala emateko, nire ustez, tresna ugari eskaintzeaz gain, tresna horiek eskura jarri behar zaizkio ikusentzuleari, era zuzenean eta erregistro edo horrelako mekanismorik erabili behar izan gabe erabili ahal izan ditzan.