miércoles, 9 de febrero de 2011

2.zeregina: Zibertestu baterako erabaki linguistiko-diskurtsiboak


Ahozko zibertestu baten planifikazioan eta sorreran hartu beharreko urrats linguistiko-diskurtsibo ezberdinek zibertestu horren osaketarako, garapenerako eta zabalpenerako prozesua bera konfiguratzen duten elementuak dira, eta beraz, ezin ditugu erabaki bakan gisa ulertu, amaierako helburu bati begira kateatzen diren erabaki sekuentzialak bezala baizik.

Zentzu horretan, zibertestuaren bitartez landu nahi dugun gaia eta horri egozten diogun helburua izan behar dira markatu beharreko lehenbiziko irizpideak, eta hortik eratorriko dira aurreneko erabaki linguistiko-diskurtsiboak. Era horretan, lantzen dugun gaiak hartzailearentzat zailtasun linguistikorik – hitz teknikoak, diskurtso konplexuak...- planteatzen duen aztertu beharko dugu, beste hainbat elementurekin batera. Era berean, eta zibertestuari egozten diogun helburuari jarraiki, xede hori betetzeko multimediatasunak eskaintzen dizkigun bitartekoak kontuan hartu behar izanen ditugu, euskarri bat edo bestea –edo horien konbinazioa- erabiltzetik eratorriko baitira bestelako erabaki linguistiko-diskurtsiboak, geroxeago ikusiko dugun moduan.

Hasierako fase honekin batera, eta gaia eta helburuari erantzunez, ezinbestekoa zaigu hartzailearen soslai soziolinguistikoa baloratzea.  Gure produkturako zehaztutako hartzailearen euskara eta kultura mailak, adina, eremu geografikoa eta gaiarekiko jarrera, besteak beste, funtsezko aldagaiak izanen dira testuaren diskurtsoa garatzeko prozesuan.

Hurreno pausu gehienak – produktuaren eskemaren egituratzea, dokumentazioa eta bildutako materialaren eta eskemaren ekarketa – aurretik finkatutako irizpide linguistiko-diskurtsibo horiei guztiei erantzun beharko diete. Produktua bera osatu edota editatzerako orduan, hipertestualitatea , multimediatasuna eta interaktibitatea bezalako fenomenoak kontuan hartu behar izanen ditugu. Era horretan, zehaztutako hartzailearen profil soziolinguistikoak aipatu fenomenok aplikatzeko aukeren berri emanen ditugu, eta baita ere aplikatzerako orduan erabili beharreko  tresna edota mekanismo berezien berri. Beste era batean esanda, profil soziolinguistiko horretatik ateratako ondorioek markatuko digute zibertestu osatua garatzeko bidea.

Azkenik, bereziki kontuan hartu beharreko irizpidea gure zibertestuaren zabalpenarena izanen da. Gure hartzaile potentzialaren profil soziolinguistikoa dutenek gehien bisitatzen dituzten webguneen azterketa, sare sozialetan erabili beharreko hizkuntza erregistroa edota gure testua bilatzaileetan aurkitzeko erabili beharreko hitz gakoak azkeneko produktuaren zabalpen arrakastatsu baterako kontuan hartu beharreko elementu ezinbestekoak izanen dira. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario