Aztertutako hiru erreportajeen erkaketa eginez, esan dezakegu Argia zibermedioko erreportajeak direla hipertestualitatea, multimediatasuna eta elkarreragina fenomenoei dagokionez produktu osatuenak. Aipatu beharra dago, lehenik eta behin, zuzenean interneten paratzeko pentsatutako erreportajeak direla, ez beste medio batzuetatik zuzenean erreproduzituak. Hori dela eta, aurretik aipatutako fenomenoen integrazioa hasieratik pentsatuta eta diseinatuta dago. Zentzu horretan, zentralitate eta nagusitasuna daukan bideoarekin batera, lotura askoko testuak topa ditzazkegu, horietako asko medio beraren beste hainbat erreportaje multimedietara – argazki erreportajeak, diaporamak, dokumentalak..- Era berean, multimedia produktu horiei iruzkinak egiteko et asare sozialen bitartez partekatzeko aukera ematen du Argiak.
ZuZeuren kasuan aipatu beharra dago ezin dela eredu jakin batetaz hitz egin, albistari horizontala den heinean norberak argitaratzen duen arabera aldatuko direlako erreportajeen izaerak aurreko fenomenoei dagokienez. Edonola ere, orokorrean eduki testualak dira nagusi, beti ere argazki batekin aurkeztuta – zibermedioak berak zehazten duen baldintza – baina gutxitan bestelako media integratuz, bideoak kasu. Edonola ere, hipertestualitatearen erabilera oso zabaldua da artikulu batzuk beste batzuekin lotze aldera, esteka interesgarriak eskaini aldera edota informazioak osagarritu aldera. Era berean, interaktibitatea komunikazio proiektu honen indargune nagusienetakoa da, iruzkinak egiteko aukera emanez erabiltzaileen arteko eztabaidak eta harremanak ugaldu egin baitira.
Hirugarrenik, Eitb.com-en aurkitu ditzazkegun erreportajeak telebistan emititutakoen erreprodukzio hutsak izan ohi dira. Bideo hauek testu labur batekin aurkeztuak izaten dira, baina ez dute beste inolako mediorik – argazkirik, infografiarik, testu luzeagorik – integratzen. Era independentean aurkezten dira bakarrik, beste ezerekiko loturarik gabe, eta beraz, hipertestuaren erabilera ia hutsa da. Edonola ere, interaktibitateari dagokionez, iruzkinak egin eta sare sozialetan partekatzeko aukera ematen du Eitb-k.
Orokorrean, zibermedioetako erreportajeak garatzerako orduan ikuspegi integratuaren falta da nire ustez egungo hutsune nagusia. Gaur egun ez da baliabide tekniko gehiegi behar, eta ahalegin gutxirekin lor daiteke erreportaje bat beste medioekin osatzea, hipertestuaren bitartez beste informazioekin osatzea eta elkarreraginerako mekanismoak eskaintzea. Horrek guztiak daukan kontzientziaren garantziaz ohartzea eta eguneroko lan funtzionamenduan praktika horiek barneratzea da euskal zibermedioek eman beharreko pausu nagusia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario