jueves, 10 de febrero de 2011

8.zeregina: Gogoeta teorikoen analisia


 Euskarazko zibermedioetan ikusentzuezko produktuen erabilera dexente ugaritu da azkeneko urteetan, informazioen egitura hipertestualetan txoko propioa berenganatuz. Kokapen hau, edonola ere, bi espazio jakinetara mugatzen da, albistearen titularrarekin batera agertzetik –ETB eta Berriako kasuak- bideo galeria batean pilatuta agertzera –Argia-. Era horretan, Micónek eta Masipek 2008. urtean espainiar zibermedioak aztertzean zehaztutako beste bi kokapen nagusiak – albistean klik eginda azaltzearena eta albistetik kanpoko kokapenarena – ia erabat desagertzen dia euskal zibermedioen kasuan.

Ikusentzunezko produktuek euskal zibermedioetan betetzen duten funtzioa, gainera, dexente urrundu da aipatu ikerketan espainiar zibermedioen bideoei egozten zitzaien funtzioetatik, batik bat 2008an egindako ikerketa delako azken hau, eta ordutik hona ziberkomunikabideak ikusentzunezko produktuek ematen dituzten aukeretaz ohartu direlako. Zentzu horretan,  bideoak informaziozko testu idatziaren osagarri hutsa izatetik edota albiste idatzian esaten den berdina kontatzetik autonomia propioa izatera pasa dira, Berria eta batez ere Argiaren kasuan. Lehenbizikoak hainbat informazio bideo hutsean eskaintzen ditu –elkarrizketak, kasu – eta beste batzutan, informazio idatzian agertzen ez diren albiste bereko beste alderdi batzuk lantzeko erabiltzen ditu bideoak. Argiaren bideoak guztiz independienteak dira, zibermediorako zehazki garatuak, eta batzutan paperezko astekarian landutako gaien ikusentzunezko luzapenak izan ohi dira. Eitb.com-en kasua berezia da, telebista baten webgunea izanda albistegieetan paratutako bideo berdinak jasotzen dituelako batik bat.

Micón eta Masipen ikerketan azaltzen zenaren kontra – zibermedio espainiarrek agentzien bideoak eskaintzen zituzten – aztertutako euskal ziberkomunikabideek ikusentzunezko produkzio propioa erabiltzen dute, eta erreportaje hainbat espreski ikusentzunezkotan lantzeko hautua hartu dute, horretarako kazetari multimediaren profila berenganatuz.

Era honetan esan dezakegu 2008.urtean ikerlariek espainiar medioen kasuan aipatzen zituzten hutsune nagusiak – bideoa landu gabe agentziek bidali bezala argitaratzea, idatziaren errepikapen hutsa izatea eta multimedia kazetariaren figuraren gabezia – euskal zibermedioek bete dituztela. Baliabide ekonomiko eta pertsonal beharrezkoen gabezia – Argia eta Berriaren kasuan batik bat- izan daiteke ongi hartutako bidea garatzeko oztopo bakarra.


No hay comentarios:

Publicar un comentario